Osasun Batzordearen aburuz, Nafarroako Gobernuak ez du bete prestazio ortoprotesikoa arautzera premiatzen zuen ebazpena
Erregelamendu berria onetsi zenez geroztik, Nafarroako Parlamentuak lehenbizikoz aztertu du ea Gobernuak ebazpen bat bete ote duen eta hori dela-eta zer erantzukizun dagokion
Osasun Batzordeak gaur ebatzi du (UPNk, EH Bilduk, PPNk eta Voxek alde bozkatu dute, eta PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek, berriz, aurka) Nafarroako Gobernuak ez duela bete Nafarroan prestazio ortoprotesikoa arautzen duen martxoaren 29ko 33/2023 Foru Dekretua aldatzera premiatzen zuen ebazpena, zeina talderik handienaren ekimenez onetsi baitzen.
Osasun Batzordearen erabakia heldu da, hain zuzen ere, Erregelamendu berriaren 222. artikuluak mozioak bete ote diren kontrolatzeko prozedura arautzen duelako, halako moduan non, epe zehatzik ezarri ezean, lau hilabeteko epea ematen baitzaio Nafarroako Gobernuari agindu zaiona bete ote duen azal dezan.
Osasun Departamentuak martxoaren 13an igorri zuen ebazpenaren betetze-mailari buruzko informazioa, eta Mahiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, jasotzat eman zuen informazio hori hilaren 18an.
222. artikuluan ezarritako azterketa- eta egiaztapen-mekanismoak baliatuta, UPNren osasun arloko eledunak martxoaren 27an eskatu zuen –mozioaren alde bozkatu zuen beste edozein taldek egiten ahal zuen eskaria– Osasun Batzordeak azter zezala ea Osoko Bilkurak onetsitako ebazpena bete ote duen Nafarroako Gobernuak.
Aurreko legegintzaldiaren amaiera aldean Erregelamendu berria onetsi zenez geroztik, Nafarroako Parlamentuak lehenbizikoz aztertu du ea Gobernuak ebazpen bat bete ote duen eta hori dela-eta zer erantzukizun dagokion .