Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Apirilak 8

Soldata-arrakalak areagoturiko gizarte-desparekotasun gero eta handiagoaren analisiari, egoerari eta hari aurre egiteko neurriei buruzko osoko bilkura monografikoa

Legebiltzarrak etxebizitza eta enplegu politika publikoekiko konpromisoa hartu du eta etxeko langileen sektorea babesteko neurriak garatzeko eskatu du

Gaur, Geroa Bai talde parlamentarioak eskatuta, Parlamentuaren Osoko Bilkurak eztabaida monografikoa egin du Soldata-arrakalak areagoturiko gizarte-desparekotasun gero eta handiagoaren analisiari, egoerari eta hari aurre egiteko neurriei buruz.

 

Orotara, taldeek 13 erabaki proposamen aurkeztu dituzte: hiru Navarra Sumak; bat PSNk; bat Geroa Baik; bi PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek batera; hiru EH Bilduk; bat Podemos-Ahal Dugu eta I-E talde parlamentarioek batera; eta bi Izquierda-Ezkerrak. Horrez gain, I-Ek bere lehen erabaki proposamena ordezteko in voce zuzenketa bat aurkeztu du; gainerako taldeek onartu egin dute. Navarra Sumaren bi erabaki, EH Bilduren erabaki bat eta I-Eren erabaki bat baztertu egin dira. Gainerakoak onartu egin dira.

 

Eledun bakoitzak 20 minutuko txanda bakarra izan du bere jarrera azaldu eta erabaki proposamenak defendatzeko, gehienez hiru proposamen talde edo elkarte bakoitzeko. Gobernuak bere jarrera azaltzeko txanda berdina izan du.

 

Geroa Baik “kohesiorantz jotzeko ekintza-batasuna” eskatu du

 

Pablo Azconak (Geroa Bai) ireki du eztabaida, ohartaraziz Nafarroak “oraindik badituela hutsuneak kohesio sozialean”; horregatik, “ekintzarako batasuna eskatu du, kohesioa lortzeko ekitate ikuspegian”.

 

Azconak adierazi duenez, “datu global itxaropentsuen” aurrean, beste batzuek “hazten ari garela esatera bultzatzen gaituzte, gehiago bildu dela, baina gehiengo sozial bat txirotu egiten da. Horrek hazten ari garela pentsatzera garamatza, eta hala da, baina ez ekitatiboki”; horrek alarmak piztea ere eragiten du. Horretaz arduratzeko betebeharra daukagu”.

 

Azconak eskualde, sektore, belaunaldi edo generoen artean dauden desberdintasunak nabarmendu ditu. “Nafarroako datu globalak estatuko datu globalak baino hobeak dira, baina desberdinkeria ezaugarriak dituzten eskualde garrantzitsuak daude, eta Espainiako errealitate horretara hurbiltzen dira”.

 

Nafarroako barnealdeari erreparatuz gero -jarraitu du- ikus daiteke “Caritasek edo Caixa fundazioak ohartarazi dutela desberdinkeria areagotu egin dela”, gazte, emakume eta emigranteei erreferentzia eginez; adierazi duenez, “inork ez dezala pentsatu klase ertainei eta langile klaseari buruz modu erretorikoan ari garela hizketan”.  Azaldu dituen datuen arabera, NASTATi erreferentzia eginez, 2019an Nafarroako batez besteko soldata gordina 27.493 eurokoa zen; soldata mediana 24.978 eurokoa eta soldata ohikoena 23.861 eurokoa.

 

Lurralde arrakalari dagokionez, Azconak adierazi du 6.800 eurotik gorakoa dela eremu geografikoaren arabera, eta Erriberak, Iruña eta eskualdearen ondoren eremurik populatuenak, “behereneko soldata tartea hartzen du”.  Inguru horretan soldatarik handienak dituen udalerria Azkoien da, eta aldea 13.000 eurokoa da Zizurri dagokionez, lehen postuan dagoena.

 

Belaunaldi arrakalari dagokionez, GBko eledunak azaldu du “Nafarroako langile berrien erdiek dagoeneko jubilatu berriek baino gutxiago kobratzen dutela. Ondoren sektoreen araberako arrakala dago; gaizki ordaindutako lan berriak agertzen dira eta beste batzuk desagertu egiten dira. Halaber, aurrez aurreko txikizkako merkataritza behea jotzen ari da, eta autonomoak lan masaren ehunekorik handiena dira, Europan ez bezala”.

 

“Datuak argiak eta eztabaidaezinak dira”, genero arrakalari buruz hitz egitean, besteak beste datu hau aintzat hartuz: gizonen batez besteko soldata 30.565 eurokoa da eta emakumeena 23.729 eurokoa. Nafarroa genero arrakala dela-eta desberdinkeriarik handiena duen estatuko hirugarren erkidegoa da, esan duenez; jarraian aipamen berezia egin dio kontserben industriari, eta, azpimarratu duenez, immigratzailea izanez gero arrakala handiagoa da.

 

Talde parlamentarioek gehienez hiru erabaki proposamen aurkezten ahal izan dituzte, eta saioaren amaieran bozkatuko dira. Jarraian, talde honen proposamenen funtsezko alderdiak jaso dira.

 

Azconak azaldu duenez, Geroa Bairen erabaki proposamenek plan bat garatzea dute helburu, hain zuzen ere Kohesiorantz jotzeko ekitate ikuspegia zeharkakotasunez koordinatu eta garatzeko eta ISO 50001 Nazioarteko Arauaren ezarpena fiskalitatearen bidez sustatzeko, baita arau hori ezartzen den enpresa eta erakundeetako langileen prestakuntza ere.

 

Halaber, lehentasun gisa ezarri nahi da eraldaketa digital eta ekologikoak eraldaketa justuak izatea, eta, horretarako, Inklusio eta Gaikuntza Digitaleko Plana garatzen jarraitzea; ekoizpen sarearen modernizazioaren alde lan egitea edo bono sozialean definitutako oinarrizko beharrizanen multzoan Interneterako sarbideari buruzkoak sartzea aztertzea bezalako neurriak, besteak beste.

 

Horrez gain, Geroa Bairen proposamenek bestelako helburuak ere badituzte, esaterako alokairuko etxebizitzak sustatu eta alokairu merkeko etxebizitzen parke publikoa areagotzearen aldeko apustua egiten jarraitzea, pertsona guztiek etxebizitzarako eskubidea izateari erantzuna emateko.

 

Navarra Sumak “fiskalitate erakargarria” eskatu du

 

María Jesús Valdemorosek (Navarra Suma) fiskalitate erakargarriagoa eta pertsonen gaikuntza bultzatzeko eskatu dio Foru Gobernuari, kalitatezko enplegua sortzeko tresna gako gisa, horrek desberdinkeria murrizten lagunduko baitu.

 

Valdemorosek nabarmendu du enplegu gehiago sortu behar dela klase ertainaren masa handitzeko. Erronka horri eman beharreko erantzunean nahitaez enplegua sortu beharko da eta produktibitatean aurrera egin beharko da; horrekin batera, “zerbitzu publikoak eraginkortasunez hornitu behar dira” eta birbanaketa mekanismo eraginkorrek ongi funtzionatu behar dute.

 

“Enplegu tasak gero eta handiagoak izan, eta produktibitatea gero eta handiagoa izan, orduan eta handiagoak izanen dira soldatak, jende gutxiago geratuko da klase ertainetik kanpo” eta “baliabide handiagoak egonen dira berdintasunik ezari aurre egiteko”; hortaz, bere ustez elementu erabakigarrietako bat “enpresa sarea haztearen aldeko fiskalitatea” izatea da, ez gaur egungoaren parekoa, “disuasioa eragiten duena”.

 

Valdemorosek errenta bermatuaren gaur egungo sistema kritikatu du, eta ziurtatu du “ez duela funtzionatzen”, “oso unitate jasotzaile gutxiren gizarteratze eskubidea bermatu baitu”. Hain zuzen ere, adierazi duenez, 2017an soilik onuradunen % 4,2k utzi zion prestazio hau jasotzeari enplegua aurkitzeari esker, 2018an % 3,5ek, 2019an % 4,3k, 2020an % 2,14k eta 2021ean % 6,5ek.

 

Berdintasunik ezarako arazo larrietako bat, azaldu duenez, “lan merkatuaren funtzionamendu txarra” da, eta “Nafarroan legegintzaldi honetan pairatutako narriadura oso kezkagarria da”; izan ere, Biztanleria Aktiboaren Inkestako datuen arabera, “liderra da enplegua suntsitzen”, 5.800 pertsona landun gutxiagorekin, eta “liderra langabezia areagotzen”, 7.700 pertsona langabeturekin.

 

Hau, argitu duenez, “ez da gainerako erkidegoetan gertatzen, justu aurkakoa”; izan ere, “tarte horretan 11 erkidegok enplegua sortzen saldo positiboa izan dute, eta 10 erkidegok langabetuen kopurua murriztea lortu dute”.

 

Horrez gain, Valdemorosek nabarmendu duenez, “ondoz ondoko 4 hilabete daramatzagu langabeziaren igoeraren lider izaten” eta “Nafarroa aurtengo enplegu datu okerrenak dituen erkidegoa da”.

 

Navarra Sumako eledunak defendatu du “berdintasunik eza murrizteak klase ertainak duen pisua areagotzea dakarrela”; klase ertainaren ongizate hori “gizartearen ongizatea ere” badelako, “zergadunen oinarri zabala eskaintzen duelako eta haien diru-sarrerei esker posible delako ongizate estatua mantentzea eta egoera ahulagoetan daudenei arreta ematea”.

 

Aitortu du arlo horretan Nafarroak estatu mailakoak baino emaitza hobeak dituela, klase ertainaren % 72rekin, baina pisu hori murrizten ari dela ere ohartarazi du.

 

Navarra Sumaren erabaki proposamenek, Valdemorosek adierazi duenez, “Errenta Bermatuaren Foru Legea aldatzea dute helburu, errenta jasotzea gizarteratze akordio bat betetzearen baldintzapean jartzeko eta akordio horretan integratzea sustatzeko ekintzen betebehar eta eskubidea jasoz, besteak beste, formazioa jasotzea, lan egitea edo seme-alabak eskolatzea. Helburua da “enplegura gehiago lotzea eta hartzaileei akonpainamendu soziala eta lanekoa bermatzea”.

 

Horrez gain, proiektatu da “enplegurako prestakuntza estrategia bat definitzea, lan merkatuaren beharrizanetara benetan egokituko dena, langileen zein enpresen lehiakortasuna bultzatzeko tresna modura”.

 

Bestelako ekintzak ere aurreikusi dira, “eskola porrotaren eta absentismoaren aurka egiteko, prestakuntza sustatzeko eta pobrezia belaunaldiz belaunaldi transmititzea eta arrazoi ekonomikoen ondoriozko arrakala digitala saihesteko”, baita lan eremuan genero eta gizarte arrakalak murrizteko ekintzak egitea ere.

 

PSNk adierazi du “etxeko lanak egiten ari direla”

 

PSNren aldetik Nuria Medinak ziurtatu du “etxeko lanak egiten ari direla” eta, horri esker, “etorkizunari zein orainari baikortasunez egiten ahal diotela aurre”.

 

“COVIDak etxeko lan asko egin gabe harrapatu gintuen”, lan merkatua “geldi” zegoen eta zerbitzu publikoak “jota”, “eskuinak hainbat urtez murrizketak” egin ondoren, eta desberdinkeria mailak “onartezinak” ziren, Medinak azaldu duenez; halaber, gehitu duenez, testuinguru horretan “etxeko lanak” egiten ari dira eta, adibide gisa Caixaren txostena aipatu du, txosten horrek adierazi baitu pandemian zehar desberdinkeria gutxien hazi den erkidegoa Nafarroa izan dela.

 

Medinak azpimarratu du Gizarte Segurantzako afiliazioan errekorra lortu dela, inoiz ez baita horrenbeste pertsona lanean egon; Nafarroa “pobrezia eta bazterketa arrisku txikiena” duen erkidegoa da, eta “bizi kalitate handiena” duena; halaber, Nafarroan zor publikoa “400 milioi eurotan baino gehiagotan murriztu da”.

 

Hala ere, gehitu du, ez dira konformatuko. Horren haritik, azaldu du energiaren eta oinarrizko elikagaien prezio igoeraren ondorioz pertsona ugari egoera latzetara iritsi direla eta pertsona eta sektore ahulenei lagundu eta eutsi egin behar zaie; horren ondoren, estatu mailako gobernuak onartutako planaren inguruko balorazioa egin du, eta plan horri foru gobernuak onartuko dituen neurriak gehitu behar zaizkio.

 

Eledun sozialistak elkarrizketa soziala babestu du aurrerapen tresna gisa, eta egoera okerrenean dauden pertsonak babesteko errenten itun baten, neurri aringarrien eta benetako irtenbideen alde egin du, baita ekitatearen eta lurralde kohesioaren aldeko apustuaren alde ere.

 

“Sehaskako desberdintasuna ezin da izan desberdinkeriaren sehaska, sozialdemokrazia deitzen zaio horri, aukera berdintasuna deitzen zaio, justizia soziala” adierazi du Medinak; nabarmendu duenez, “inor atzean ez uztea ez da eslogan bat, balioz kargatuta dago”. Desberdintasunak murriztea eta inor atzean ez uztea PSNren DNA politikoaren parte da” adierazi du.

 

Medinak 2008ko krisitik ateratzea zalantzan jarri du, eta defendatu du “badela gauzak egiteko beste modu bat”; UPNri esan dio “ez daudela ikasgaiak emateko moduan. Gezurra esaten dute esaten dutenean berdintasuna eta zerbitzu publikoak defendatzen dituztela eta aldi berean zergak masiboki jaistea”.

 

Desberdintasunak murrizteko beharrizana “agindu politiko eta etiko bat da”, eta hori, besteak beste, horrelako neurriekin lortzen da: enplegu egonkorra, soldata duinak, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei laguntza emanez, hezkuntza publikoa eta haur pobreziaren aurka borrokatuz.

 

Medinak azaldu duenez, PSNren erabaki proposamenek, bestak beste, enplegu politika aktiboen bitartez gizarte eta genero arrakalak murriztea dute helburu, prestakuntza parekidea sustatzea eta LH DUALA garatu eta sustatzea, baita enpresa munduan aukeren berdintasuna bultzatzea ere.

 

Halaber, lehentasun gisa ezarri nahi dute eraldaketa digital eta ekologikoak eraldaketa justuak izatea, eta, horretarako, Inklusio eta Gaikuntza Digitaleko Plana garatzen jarraitzea; ekoizpen sarearen modernizazioaren alde lan egitea edo bono sozialean definitutako oinarrizko beharrizanen multzoan Interneterako sarbideari buruzkoak sartzea aztertzea bezalako neurriak, besteak beste. (proposamen bateratua, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugurekin batera).

 

Horrez gain, PSNren proposamenek bestelako helburuak ere badituzte, esaterako alokairuko etxebizitzak sustatu eta alokairu merkeko etxebizitzen parke publikoa areagotzearen aldeko apustua egiten jarraitzea, pertsona guztiek etxebizitzarako eskubidea izateari erantzuna emateko. (proposamen bateratua, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugurekin batera).

 

EH Bilduk “NEZ indartzearen” alde egin du

 

EH Bildutik, Arantxa Izurdiagak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren betebeharra indartzea aldarrikatu du, enplegura sarbidea izatean aukera berdintasuna bermatzeko, batez ere industriaren sektorean.

 

“Soldata arrakala oraindik ere errealitate bat da gure gizartean”, batez ere lan erreformen ondorioz, horiekin “prekarietatea gure lan merkatuan finkatu baita”.

 

Gobernu sozialistaren azken lan erreforma “argi eta garbi ez da aski, ez du anbizio nahikorik” azaldu du Izurdiagak; baieztatu duenez, EH Bildun “kezka handiz begiratzen diote” enpleguaren prekarizazioari eta laneko istripuen gorakadari, baita hainbat kolektibotan desberdintasunek gora egiteari  ere, esaterako emakumeen kasuan, gazteak, emigranteak eta desgaitasuna duten pertsonak.

 

Izurdiagak adierazi du ez datorrela bat PSNren eledunaren “diskurtso atseginarekin”, eta nabarmendu du adierazle sozioekonomiko nagusiek “Nafarroan ziurrenik ziklo aldaketa egonen dela” ohartarazi dutela.

 

Soldata arrakala “gizarte bazterketan eta pobrezian gehien eragiten duen faktoreetako bat dela” nabarmendu ondoren, Izurdiagak azaldu du sektore maskulinizatuak hobeto baloratuta daudela, lan baldintza hobeak dituztela, soldata hobeak eta babes sozial hobeak sektore feminizatuak baino.

 

Horregatik, lan feminizatuak, “askotan lan esplotaziotik gertu dauden egoerak bizi dituzten” lan horiek, “merezi duten balioa eta aitorpena” jasotzeko lan egitearen alde egin du, “ehunka emakumek pairatzen duten diskriminazio anitza” suntsitzeko.

 

Izurdiagak aitortu du azken urteetan berdintasunaren aldeko urratsak eman direla, baina “kezka handiz ikusten dugu legegintzaldi honetan ez dela Berdintasunerako Foru Legea ez garatu, ez ezarri”; horregatik, “ezinbestekoa da Nafarroako Gobernua lanean hastea” eta enpresetan kontrol mekanismoak gaitzea enpresek haien betebeharrak bete ditzaten.

 

Halaber, gazte eta migratzaileen egoera salatu du, “oso lan prekarioak” dituztelako, lan jardunaldi luzeekin, eta ezaugarri horien ondorioz pobreziaren arrisku tasa %58,9koa da; Nafarroako populazioarena berriz, % 16,3koa da.

 

Parlamentariak “neurri azkarrak eta sakonak aldarrikatu ditu energiaren, ekonomiaren eta gizartearen esparruetan”, eta Nafarroan “eraldaketa handi horietan parte hartu eta gidatu egin behar ditugula” gaineratu du.

 

Azaldu duenez, EH Bilduren erabaki proposamenen helburua da “Foruaren Hobekuntzan aurreikusitako eskumenetatik eskualdatzeke dauden eskumen guztiak transferitzeko prozesua bukatzea, bereziki Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren, Lan Ikuskatzailetzaren, enplegu eta I+G+b politika aktiboen eta beken arloetan.



Halaber, “Foruaren Hobekuntza berrikusi eta eguneratzeko prozesua lehenbailehen hasi nahi da, Nafarroari eskumen handiagoak emateko, beharrizan sozialei aurre egin ahal izateko, energiaren, ekonomiaren, gizartearen, lanaren eta zergen esparruan”.



Bestalde, EH Bilduk nahi du “inbertsioa lehenestea zerbitzu publikoetan eta, bereziki, Hezkuntzan, 0-3 haur hezkuntzako zikloa orokortzea eskola porrota saihesteko, landa eremuko eskolari eustea eta indartzea bermatzea eta Nafarroako Hezkuntza Iraunkorreko Plan Orokor bat diseinatzea.

 

Azkenik, EH Bildutik “fiskalitate askoz progresiboago eta ekitatiboagoari buruzko eztabaida ireki nahi da, eta horretan hainbat alderdi berritzaile gehitzea, desberdintasunen aurka borrokatzeko”.

 

Podemos-Ahal Dugu, sistema eraldatzearen alde

 

Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) sistema produktibo eta fiskala eraldatzearen alde egin du, Nafarroan desberdintasunei heltzeko, baita esfortzuak eremu ahulenetan jartzearen alde ere, esaterako Erriberan, desberdintasunek gora egin baitute kasu horretan.  Halaber, eskuinaren irtenbideak kritikatu ditu, “gehiengo sozialak pobretzea” besterik ez baitute eragiten.

 

Aznárezek azaldu du inflexio puntu arrastatu batera iritsi garela, banka handia erreskatatzeko “oraindik ordaintzen dugun iruzurraren ondoren”; hala, “zaintzen sistema publikoa erdigunean jartzearen” aldeko apustua egin du, begirada feministatik eta arreta berezia jarriz desgaitasuna duten pertsonengan.

 

Horrek guztiak, azaldu duenez, “egiturazko neurriak behar ditu, eta ez neurri aringarriak”; izan ere, “lau hamarkada baino gehiago daramatzagu egoera berean, kolore desberdineko gobernuekin baina ez dute asmatzen lurralde desoreka hori murrizteko behar diren politikekin”.

 

Bere aburuz, irtenbideak nahitaez ekarri behar du “jendea dagoen lekuan behar diren zerbitzu publikoak bermatzea, eta ez jendea erakartzea zerbitzu horiek kontzentratuta dauzkagun lekuetara”; izan ere, “horrek deserrotzea dakar landa eremuetan”.

 

Aznárezek Navarra Sumaren proposamenak kritikatu ditu, “fokua betiko neurrietan besterik ez dutelako jartzen, eta gehiengo sozialak pobretzen jarraitzeari besterik ez diote erantzuten”. Neurri horiek, salatu duenez, errenta bermatuan murrizketak egitea dakarte; “haien gustukoa ez den errenta, baina Nafarroan 18.000 pertsonari lagungarria zaie behintzat bizitzan itxaropenen bat izateko”.

 

Politika horiek izan ditu hizpide, gogoraraziz Raxoiren gobernuak zergen igoera orokortua bultzatu zuela 2008ko finantza krisiari aurre egiteko; orduan tasa orokorra % 18tik % 21era igo zuen, murriztua % 8tik % 10era; eta tasa murriztua eta oso murriztua zeukaten produktu batzuk orokorrera eraman zituzten.

 

Horrez gain, azaldu duenez, PFEZan jarduera profesionalen atxikipenak igo egin ziren % 15etik % 21era, pentsiodunek sendagaien prezioen % 10 ordaintzen hasi ziren, premiazkoa ez den osasun garraioa eta ortoprotesien kofinantzaketa kobratzen hasi ziren.

 

Aznárezek unibertsitate tasen igoerak ere aipatu ditu, OHZren igoera, gasolio profesionalerako kenkaria desagerraraztea, erkidegoei aukera ematea hidrokarburoak zergapetzeko, hidroelektrikoa zergapetzeko kanona sortzea eta % 6ko zerga energia elektrikoaren sorkuntza mota guztietarako.

 

Gazteei begiratu beharra ere nabarmendu du; izan ere, “oraindik ere lanpostu prekarioak dituzte” eta “bizitza itxaropenak urrituta”; gazteek gurasoekin bizitzen jarraitzen dute, alokairuak soldataren % 80 baino gehiago hartuko lukeelako, eta Nafarroako batez besteko soldata baino % 50 gutxiago jasotzen dute.

 

Azaldu duenez, Podemos-Ahal Duguren erabaki proposamenen helburua da neurri eraginkorrak garatzea etxeko langile gisa lan egiten duten pertsonak abusuzko jardunetatik babesteko, kontratuak, kexak, abusuak eta iruzur jardunak ikuskatzeko mekanismoak ezartzeko eta negoziazio kolektiboko esparru bat bermatzea sektoreari hitzarmen propioa eta enplegu murgilduan jarraitzen dutenei erregularizazioa emateko (I-Erekin).

 

Izquierda-Ezkerrak “egiturazko aldaketak” eskatu ditu

 

Marisa de Simónek (I-E) lan harremanetan “egiturazko aldaketak” eskatu ditu; izan ere, bere iritziz gaur egungo ereduak gizarte desberdintasun gero eta handiagoak sortzen ditu.

 

I-Eko eledunaren iritziz, soldata arrakala “funtsezko eta ezinbesteko gai bat da”, eta nabarmendu du gizarte desberdinkeriaren kausa ugariek “pobrezia eta prekarietatea eragiten dutela pertsonengan”, eta horrek zalantzan jartzen duela “eredu bidegabea eta, horrenbestez, gaitasun gabea".

 

De Simónek salatu du “aberastasuna modu bidegabean banatzen dela” eta, horren haritik nabarmendu du “errenta handienen eta txikienen arteko aldea areagotu egiten dela krisi bakoitzean”.

 

2021ean, azaldu duenez, Espainiako soldatarik ohikoena 12.000 eta 21.000 euro artekoa zen urteko (aitorleen % 20,88), eta 8 milioi pertsonek (% 26,57) 12.000 eurotik beherako urteko diru sarrerak zituzten. Biztanleen % 83k gehienez 60.000 euro irabazten dituzte urtean, eta hori baino gehiago irabazten duten 912.695 biztanle daude.

 

“Soldata desberdintasunak izugarriak dira”, nabarmendu du De Simónek; eta baieztatu du genero arrakala ere areagotzen ari dela, eta soldata desberdintasuna, aldizkakotasuna eta partzialitatea “kronifikatu egin dira”.

 

De Simónen iritziz, egoera horrek “eredu kapitalista” nagusiari erantzuten dio, horrek sortzen dituen gizarte eta lan harremanei “tiritak jartzen dizkiogu duela hamarkada batzuetatik, egiturazko irtenbiderik jarri gabe”.

 

Parlamentariak azaldu du une honetan “ez dela esku hartzen egoera honetara ekartzen gaituzten arazoen kausetan, eta beti ahulenei erasaten diela”; nabarmendu duenez, osasun eta hezkuntzako zerbitzu publikoak pribatizatzeak “lan desberdintasunak eta gizarte segregazioa sortzen du”.

 

I-Eren erabaki proposamenek, eledunak azaldu duenez, helburutzat daukate emakumeen eta gizonen arteko soldata berdintasuneko foru lege bat prestatzea, babeserako neurri horizontalak indartzea, azpiegitura sozial publikoetan inbertsioak indartzea, haur eskola publikoetan, mendekotasuna duten pertsonei arreta publikoa ematea, edo familiari babesa emateko plan integraletan.

 

Horrez gain, aurreikusi dute genero inpaktuari buruzko txostenak jasotzea Enplegu Planean jasotako neurri bakoitzeko. Horrez gain, Espainiako Gobernuari eskatu zaio lan araudian ezartzeko enpresa pribatu zein publikoetan gehieneko soldata ezin izatea lanaldi arrunt edo ohiko baten truke soldatarik txikiena kobratzen duen pertsonaren soldataren kopuru guztiaren halako 10 , indarrean dagoen legediaren arabera edo, hala badagokio, hitzarmen aplikatuaren arabera.

 

Maeztu kontseilariak Nafarroako ratioak nabarmendu ditu

 

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk nabarmendu du Nafarroak “pobrezia eta desberdinkeria gutxieneko autonomia erkidegoa izaten jarraitzen duela”.

 

“Ustezko lidergo galeraren inguruan sektoreren batetik egin nahi den kontakizunaren aurrean, errealitatea da Nafarroa oraindik ere badela pobrezia eta desberdinkeria gutxien duen autonomia erkidegoa, eta pandemiaren krisiaren ondorioz bi horiek hemen hazi dira gutxien”, kontseilariak azaldu duenez; hala ere, aitortu du “oraindik bide luzea dagoela egiteko”.

 

Gainera, goraipatu du Foru Komunitatea dela daturik onenak dituen Europako hamargarren eskualdea. Hala erakusten dute Gini indizeak eta 80/20 ratioak –bi adierazle horiek desberdinkeria neurtzen dute–, baita pobrezia kontrolatzeko AROPE tasak ere.

 

Kontseilariak ohartarazi du pandemiak eta Ukrainako gerrak eragindako krisiak “ondorio negatiboak izanen dituela maila ekonomikoan eta sozialean, besteak beste gizarte desberdintasunak larriagotuz”.

 

Agertoki horretan, Maeztuk nabarmendu du Nafarroak baduela indargune bat, hain zuzen ere oso gizarte kohesionatua dela, industriaren sektoreak garrantzia handiena duen estatuko lurraldea delako, “enplegu mota horrek normalean soldata hobeak sortzen ditu eta egonkortasun handiagoa”; eskerrak ere eman ditu, “Nafarroa garapenaren arloan gizarte berritzailea eta aitzindaria izan delako eta delako”.

 

Horrez gain, goraipatu duenez, atal horretan “ekonomia sozialaren sektoreak oso pisu garrantzitsua du”, eta horrek enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa sortzea dakar.

 

Eskubide Sozialetako arduradunak garrantzitsutzat jo du “azken hamarkadetan adostasun politiko eta sozial zabala lortu dela gizarte ongizateko estatu indartsuagoa izateko ideiaren inguruan”; halaber, “eredu politikoen arteko desberdintasunetatik harago”, nabarmentzen da biztanleko osasunean, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen autonomia erkidegoetako bat delako.

 

Ongizate estatu horrek, baieztatu duenez, “pobrezia eta desberdinkeria maila baxu horietan eragiteaz gain, Espainiako lurralde lehiakorrenetako bat izatea ere eragiten digu”.

 

Halaber, aipatu du Foru Komunitateak “hezkuntza sistema sendoa duela, eta Lanbide Heziketak gero eta garrantzia handiagoa duela”.

 

Kontseilariak azpimarratu du ezen, dauden desberdintasunen aurrean, Europa, Espainia eta Nafarroa “sekula egin gabeko esfortzurik handiena” egiten ari direla “laster berreskuratzea lortzeko, denontzat justizia sozial eta oparotasuneko irizpideekin”.

 

“Murrizketa sozial eta austeritate politiken aurrean –enpresak itxi eta langileak masiboki kaleratzea, 2008ko krisiari aurre egiteko errezeten pare–, erakundeak inbertsio gehiagoren aldeko apustua egiten ari gara, enplegua gehiago babestu, enpresa sarea gehiago babestu eta, batez ere, babes sozial handiagoa ematearen aldekoa”.

 

Bere gobernuari dagokionez, Maeztuk aldarrikatu du legegintzaldiaren hiru urte hauetan “aurrekontuan inoiz izandako igoerarik handiena egin dela osasun, hezkuntza, eskubide sozial, enplegu eta etxebizitza gaietarako”.

 

Etorkizunera begira, erronkatzat jo ditu Nafarroa Suspertu Plana, Enplegu Plana eta S3 Estrategia garatzen jarraitzea, premiazko neurriak hartzea pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorioen aurrean eta emakume eta gazteek LH eta ikasketa teknikoetara jotzea sustatzea.

 

Haurtzaroa eta familia babesteko politikak indartzean jakinarazi du foru lege berriaren prestaketa “oso aurreratuta dagoela”, eta “jauzi kualitatiboa ekarriko duela haurren eskubideen arloan”.

 

Duela hilabete gutxi, kontseilariak aipatu duenez, SODENA sozietate publikoak “nabarmendu zuen kohesio sozialaren eta pobrezia eta desberdinkeria maila baxuak zirela gure adierazlerik onenak Europako punta-puntako eskualdeekin konparatuz gero”.

 

2008ko krisi latzaren ondoren, zehaztu duenez, AROPE pobrezia tasak maila gorena lortu zuen Nafarroan 2014an, % 14,5ekin; ondoren nabarmen hobetu zuen, 2019an % 11,7ra iritsiz.

 

Nahiz eta 2020an adierazle hori % 12ra igo zen, Maeztuk azaldu zuen balio hori “krisi aurreko une okerrenetik urrun” dagoela, nahiz eta zuhurtziaz jokatu nahi izan duen, adierazle horren datuetako batzuk 2019koak baitira, eta oraindik ez du tarterik ematen pandemiaren eragina aztertzeko.

 

Desberdinkeriari dagokionez, kontseilariak azaldu du Gini adierazleak gora egin zuela krisi handian 2011ko % 30,3raino, eta % 24,3ra jaitsi dela susperraldian zehar; azken datua % 27,3koa da.

 

Kontseilariak azaldu du Erribera dela Nafarroan pobrezia handiena duen eskualdea, baina zona horretako pobrezia arriskuaren arrakala murriztu egin dela nabarmendu du, lurralde osoarekin erkatuz gero; 2015ean 10,1 puntukoa izatetik 8,7 puntura pasatu da, azken datu eskuragarriaren arabera.

 

Onartutako erabakien zerrenda

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztutako erabaki proposamenak

 

Lehenengo erabaki proposamena:

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

1.- Lehentasun gisa ezar dezan eraldaketa digitala eta ekologikoa eraldaketa justuak izatea, aintzat hartuz balio kate osoa eta enpresen tipologia osoa, baita langileak egokitzeko bilakaera antolatua berma dezan ere, lanaren eta lanbide gaitasunen birziklapenean oinarritua. Horretarako, Nafarroako Gobernuak Inklusio eta Gaikuntza Digitaleko 2021-2025 Plana garatzen jarraitu behar du, langileen birkualifikazioa eta gaikuntza digitala bereziki nabarmenduz.

 

2.- Gure ekoizpen sarea modernizatzeko lan egin dezan, berrikuntza eta digitalizaziorantz joateko trantsizio justu baten bidez, bereziki pertsona autonomoentzat, enpresa txiki eta ertainetarako eta sektore estrategikoetarako.

 

3.- Energia berriztagarriak sortzeko instalazio berriak sustatzen jarrai dezan, erabileraren eta kontsumoaren efizientzia eta eraginkortasuna hobetu ditzan, sorkuntza banatuko eta autokontsumoko elkarteak susta ditzan, eta mugikortasuna eta industria eralda ditzan energia berriztagarrien erabilerarantz.

 

4.- Ekintzailetza kooperatiboa susta dezan, ekonomia sozial eta solidarioari lotua.

 

5.- Bono sozialean definitutako oinarrizko beharrizanen multzoan Interneterako sarbidea izateari lotutakoak txertatzeko aukerak azter ditzan.

 

Aho batez onetsi da.

 

Bigarren erabaki proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

1.- Alokairuko etxebizitza publikoak sustatu eta alokairu merkeko etxebizitzen parke publikoa areagotzearen aldeko apustua egiten jarrai dezan, pertsona guztiek etxebizitzarako duten eskubideari erantzuteko.

 

2.- Toki entitateekiko elkarlana areagotu dezan, hiri jasangarritasunaren printzipioak finkatzeko eta eraikin publiko eta pribatuko birgaitze energetikoko proiektuak sustatzeko.

 

3.- Adin muga mailaz maila igo dezan 2023an 35 urtera iritsi arte, pertsona gazteei etxebizitza alokatzeko laguntzeko EmanZipa programan sartzeko betekizun modura.

 

4.- Etxebizitza babestuen salerosketa eragiketetan eroslehentasuna eta atzera­eskuratzeko eskubidea baliatzeko aurrekontu partida handitzen jarrai dezan, etxebizitza parke publikoa handitzeko eta Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren programako berariazko erabileretarako.

 

Aho batez onetsi da.

 

Geroa Baik aurkeztutako erabaki proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

1. Plan bat gara dezan “Kohesioranzko ekitate ikuspegia” zeharkakotasunez koordinatu eta garatzeko. Nafarroako agenda politiko eta sozialean ekitatea eta kohesio soziala LEHENETS DITZAN.

 

- Helburuak eta joko arauak definituko dituen plana, sektore politikak integratuz zeharkako ikuspegi globalarekin, OHZ eta hiri agendetako aldarrikapenetara egokituta, trantsizio anitza onartuz gako hauetan: ekologikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala.

 

- Departamentuak koordinatuko dituena, eta bat etorriz 54 Estrategiarekin, 20/30 Estrategiarekin, Enplegu Planarekin, Etxebizitza Planarekin, eskualdeko planekin, eta behatoki eta agentziekin: Nastat, Errealitate Sozialaren Behatokia, Nekazaritza Garatzeko Plana eta Lursarea Agentzia, eta Lurralde Estrategiaren Behatokia.

 

-Nafarroako Parlamentua integratuko duena Kohesiorako Ekitate Ikuspegiaren Batzorde batekin.

 

- Udalak integratuko dituena.

 

- Gizartearekin eta gizarte eragileekin hitz eginen duena.

 

2. Fiskalitatearen bidez susta dezan nazioarteko ISO 50001 Arauaren ezarpena, baita hura ezartzen duten enpresa eta erakundeetako langileen prestakuntza ere.

 

Onetsi egin da, Navarra Suma, Geroa Bai eta EH Bilduren aldeko botoekin, PSNren aurkako botoekin eta Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioekin.

 

PSNk aurkeztutako erabaki proposamenak

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

1. Lan merkatuan dauden genero eta gizarte arrakalak murriztu ditzan enplegu politika aktiboen bitartez, zeinek genero zeharkakotasuna aplikatuko baitute eta lan merkatuan txertatzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboei lagunduko, aukera berdintasuna indartuz.

 

2. Prestakuntza parekidea susta dezan genero arrakala handiena duten lanbideetan eta emakumeen ordezkaritza txikia den sektoreetan.

 

3. Zainketen esparruko lanek Nafarroako gizarteari egiten dizkioten ekarpenen balioa nabarmendu dezan, eta susta ditzan haien profesionalizazioa, langileen kualifikazio etengabea eta lan baldintzen duintasuna.

 

4. LH Duala sustatzearen eta garatzearen aldeko apustua egiten jarrai dezan, funtsezko tresna baita gure hezkuntza sistema modernizatzeko, irteera profesionalak eskaeretara egokitzeko eta gazteei aukera gehiago eta hobeak emateko.

 

5. Plantillak gaztetzea eta enpresetan ezagutzak transmititzea susta dezan, errelebo kontratua sustatuz; prestakuntza eta ikaskuntzarako kontratuaren prestakuntza izaera berreskura dezan; eta praktiketako kontratua indartu dezan ikasten amaitu berri dutenentzat, eskubideekin laneratzeko formula gisara.

 

6. Aukera berdintasuna susta dezan enpresa esparruan, kristalezko sabaia eta lur itsaskorra izenez ezagutzen diren fenomenoak haustera eta soldata arrakala murriztera bideratutako ekintzekin.

 

7. Enpleguaren eta lan merkatuaren bilakaera aztertu, ikertu eta identifikatu dezan, dauden arrakalen eta aukera berdintasunaren haritik.

 

8.Gizarte eta enpresa sarearekin lan egin dezan, enpresa eta gizarte eredu parte hartzaileagorantz aurrera egiteko, aniztasuna oinarritzat izanen duena.

 

Onetsi egin da, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen aldeko botoekin eta Navarra Suma taldearen abstentzioarekin.

 

EH Bilduk aurkeztutako erabaki proposamenak

 

Lehenengo erabaki proposamena:

 

1. Nafarroako Parlamentuak apustua egiten du zerbitzu publikoetan inbertitzea lehenestearen alde, eta bereziki hezkuntzan, kohesio sozialaren, gizarteratzeko eta desberdintasunak konpentsatzeko faktore modura, behar diren egiturazko neurriak hartuz eskola segregazioa saihesteko.

 

2. Nafarroako Parlamentuaren aburuz, 0-3 urte arteko Haur Hezkuntzako lehen zikloa erabakigarria da eskola porrota saihesteko, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du hura orokortu dezan, lehenbailehen doakotasuna bermatuz eta plaza publikoen eskaintza mailaka eta nabarmen areagotuz.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du landa eskolari eutsi eta indartzea berma dezan, garapen, kohesio sozial eta lurralde kohesioko eta aukera berdintasuneko zutabe den aldetik, behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak emanez.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako  Etengabeko Hezkuntzaren Plan Orokorra diseinatu dezan, pertsonen bizitza osoan zehar prestakuntza, kualifikazio eta birkualifikazio beharrizanei modu eraginkorrean erantzuteko.

 

Onetsi egin da, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin.

 

Bigarren erabaki proposamena:

 

1. Nafarroako Parlamentuaren aburuz, fiskalitatea ezinbesteko tresna da aberastasuna birbanatzeko, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du eztabaida ireki dezan fiskalitate askoz progresibo eta ekitatiboagoaren ingurua, zeinak sozialki Europako herrialde aurreratuenetatik gertuago egonen den presio fiskala ezarriko baitu.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du fiskalitate berri horretan alderdi berritzaileak gehitu ditzan, esaterako trantsizio ekologikoa eta garapen ekonomiko jasangarria ahalbidetuko duten neurriak; neurri horiek kontuan hartu behar dute genero alborapena diru sarreren arloan, eta horri aurre egiten lagundu behar dute, emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egitearen aldeko zerga sistemarantz jotzea posible eginez; neurriek aski baliabide bermatu behar dute, batetik, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko eta, bestetik, gizarteko sektorerik ahulenen beharrizan gero eta gorriagoei aurre egiteko.

 

Onetsi egin da, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin.

 

Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako erabaki proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua eta Estatuko Gobernua premiatzen ditu:

 

1. Etxeko langile gisa lan egiten duten pertsonak abusuzko jardunetatik babesteko neurri eraginkorrak eta efizienteak gara ditzaten.

 

2. Mekanismoak eta prozedurak ezar ditzaten kontratuak, kexak, abusuak eta iruzurrezko jardunbideak ikuskatzeko.

 

3.Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. Hitzarmena (2011) aplika eta gara dezaten, kasuan kasuko eskumen esparruetan, Estatu espainiarrak haiek berretsi ondoren, Ministroen Kontseiluan adostu den moduan, etxeko langileentzako lan duinari dagokionez, langabezia kasuetan babesteko betebeharra barne.

 

4. Lan arloko legedia alda dezaten etxeko langileen Gizarte Segurantzako eta laneko eskubideak gainerako langileen eskubideekin parekatzeko.

 

 Negoziazio kolektiboko esparrua berma dezaten, sektoreari hitzarmen propioa eta ezkutuko enpleguan jarraitzen dutenei erregularizatzea ahalbidetuko diena.

 

Aho batez onetsi da.

 

Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du emakumeen eta gizonen soldata berdintasunerako foru legea presta dezan, helburu hauekin:

 

- Lan Ikuskatzailetzak enpresetako berdintasun planak kontrolatu eta jarraipena egitea bermatzea eta berdintasun planen erregistro eta/edo ezarpen araudia betetzen ez duten enpresen zigorrak gogortzea.

 

- Genero irizpideetan oinarritutako desberdinkeria eta bazterketa egoerak desagerrarazteko neurriak ezartzea, edo emakumeentzat kaltea eragiten badute, eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzea, sektoreko zein enpresetako hitzarmen kolektiboetan txertatzea bultzatzeko, baita jarraipena egitea bermatzeko erregistroa egitea ere.

 

- Emakumeen sustapen profesionalerako planak sustatzea: kategoriaz edo jardueraz aldatzea bultzatzeko jarduketak ezartzea; soldata desberdintasunak ezabatzea; lanaldi aldaketak bultzatzea, lanaldi partzialetik osora (edo alderantziz).

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du laguntza neurri horizontalak indar ditzan, azpiegitura sozial publikoetan inbertsioak indartuz, haur eskola publikoetan, mendekotasuna duten pertsonei arreta publikoa emanez, edo familiari babesa emateko plan integraletan.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du genero inpaktuari buruzko txostenak jaso ditzan Enplegu Planean jasotako neurri bakoitzeko.

 

Onetsi egin da, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu e Izquierda-Ezkerra taldeen aldeko botoekin eta Navarra Suma, PSN eta Geroa Bai taldeen abstentzioekin.

 

Baztertutako erabaki proposamenen zerrenda

 

Navarra Sumak aurkeztutako erabaki proposamenak

 

Lehenengo erabaki proposamena

 

1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du fiskalitate aldekoagoa diseinatu eta martxan jar dezan, enpresen lehiakortasuna areagotzeko, Nafarroako enpresa sarea haziz, produktibitatea eta produkzio inbertsioa handiagoak izate aldera, erabakigarriak baitira enplegua sortzeko eta langileen soldatak igotzeko.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du familia eta pertsonentzat fiskalitate erakargarria diseinatu eta martxan jar dezan, errenta txiki eta ertainei bereziki erreparatuz, horren izaera progresiboa nabarmenduz, lana sustatzeko pizgarriak ezartze aldera, diru sarreren iturri nagusia izateaz gain autonomia eta garapen pertsonalerako bidea eta ekoizpen faktore erabakigarria baita gure ongizate sistemak oinarritzat hartzen duen aberastasuna sortzeko.

 

Baztertu egin da, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen kontrako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoarekin.

 

Bigarren erabaki proposamena

 

1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren esparruan enplegurako prestakuntza estrategia bat definitu dezan, gure lan merkatuaren premietara benetan egokituko dena, langileen eta enpresen lehiakortasuna sustatzeko tresna modura.

 

2. Estrategia hori indarrean dagoen Enplegu Planaren helburuekin lerrokatuta egonen da.

 

3. Hiru hilabeteko epean Parlamentuan aurkeztu beharko da.

 

Baztertu egin da, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen kontrako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoarekin.

 

Hirugarren erabaki proposamena

 

1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du baliabide gehiago jar ditzan eskola porrota eta absentismoa saihesteko. Premiatzen du neurriak har ditzan adin-nagusitasunera iritsi aurretik inork hezkuntza sistema ez uzteko, gizarteratze eta laneratze egokia ahalbidetuko dioten gaitasunak eskuratu gabe; oso adin txikietatik bereziki landu behar da inklusio eta gaikuntza digitala.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Errenta Bermatuari buruzko Foru Legea alda dezan, helburu hauekin:

 

- Enpleguarekin lotura eraginkorragoa izatea;

 

- Hartzaile guztien akonpainamendu soziala eta laneratzeko akonpainamendua bermatzea; eta

 

- Errenta jasotzea gizarteratze edo laneratze akordio bat sinatu eta betetzearen baldintzapean jartzea, eta akordio horretan jasotzea prestakuntza jasotzeko eskubidea eta betebeharra, lan egitekoa, seme-alabak eskolatzeari dagokiona edo beste edozein jarduketa, irizpide profesionalaren arabera gizarte integraziorako aukera handiagoak ekarriko dituena.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du tinko lan egin dezan pobrezia belaunaldiz belaunaldi transmititzea saihesteko eta arrazoi ekonomikoen ondoriozko arrakala digitala saihesteko inklusio politikak garatzen.

 

Baztertu egin da, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen kontrako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoarekin.

 

EH Bilduk aurkeztutako erabaki proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

1.- Foruaren Hobekuntzan aurreikusitako eskumenetatik eskualdatzeke dauden eskumen guztiak transferitzeko prozesua buka dezan, bereziki Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren, Lan Ikuskatzailetzaren, enplegu politika aktiboen eta I+G+b eta beka arloko politiken kasuan.

 

2.- Foruaren Hobekuntzan berrikusi eta eguneratzeko prozesua lehenbailehen abiaraz dezan, Nafarroari eskumen handiagoak emateko, beharrizan sozialei aurre egin ahal izateko, energiaren, ekonomiaren, gizartearen, lanaren eta zergen esparruetan.

 

Baztertu egin da, Navarra Suma, PSN eta Izquierda-Ezkerra taldeen kontrako botoekin, Geroa Bai eta EH Bildu taldeen aldeko botoekin eta Podemos-Ahal Dugu taldearen abstentzioarekin.

 

Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako erabaki proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du lan araudian ezar dezan enpresa pribatu zein publikoetan gehieneko soldata ezin izatea lanaldi arrunt edo normal baten truke soldatarik txikiena kobratzen duen pertsonaren ordainsarien guztizko zenbatekoa halako 10 baino gehiago, indarrean dagoen legediaren arabera edo, hala badagokio, hitzarmen aplikatuaren arabera.

 

Baztertu egin da, Navarra Suma eta PSN taldeen kontrako botoekin, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen aldeko botoekin eta Geroa Bai taldearen abstentzioarekin.