Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Azaroak 10

Nafarroako Gobernua premiatzen da erretinoblastomari buruzko sentsibilizazio eta prestakuntza kanpainak egin ditzan

Osasun laguntza jasotzearren Nafarroatik kanpora bideratzen diren pazienteentzat joan-etorri eta mantentze gastuetarako laguntzak handitzeko eskatzen du Legebiltzarrak

Osasun batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak ez dute saioan parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “sentsibilizazio- nahiz prestakuntza-kanpainak egin ditzan osasun arloko profesionalen artean, minbizi-mota hau garaiz detektatzeko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “kontzientziazio-kanpainak susta ditzan herritarren artean, haur minbiziaren egunaren karietara, otsailaren 15ean”.

 

Era berean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “pediatriako gaixoen joan-etorrien eta mantentzearen partidak handitu ditzan”. Navarra Suma abstenitu egin da atal honetan.

 

Navarra Sumak bi zuzenketa aurkeztu ditu, gehitzeko bat eta ordezteko beste bat, Nafarroako Alderdi Sozialista eta Geroa Bai talde parlamentarioek eta Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak onartu ez dituztenak, eta Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “alda dezan Osasuneko kontseilariak emandako urriaren 4ko 419E/2018 Foru Agindua, zeinaren bidez laguntzak emateko araubide bat ezartzen baita, joan-etorrietarako, ostatu hartzeko eta mantenurako gastuetarako, osasun laguntza jasotzearren Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora bideratzen diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko pazienteentzat, honako kasu hauetan: osasun laguntza jasotzen denean ospitaleratze araubidean edo adierazten zaienean osasun zentro batetik gertu geratu behar dutela dagokion tratamendua edo ebakuntza jasotzearen zain; joan-etorrietarako, ostatu hartzeko eta mantenurako gastuetarako laguntzen onuradun izan daitezke, adin pediatrikoa edo desgaitasuna duten pazienteen kasuetan bederen, paziente bakoitzeko bi laguntzaile”. Era berean, gehitu nahi zuen “paziente eta/edo laguntzaile bakoitzeko mantenurako gastuak egunero 12 euro izatetik gutxienez ere 20 euro izatera pasatzea”.

 

Zioen azalpenean, Nafarroako Alderdi Sozialista eta Geroa Bai talde parlamentarioek eta Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkezturiko ebazpenak gutxitan gertatzen den haur-minbizi honi buruz hitz egiten du, gizartea “informatzeko, sentsibilizatzeko eta ohartarazteko” eta modu honetan minbizi mota hau garaiz detektatzeko helburuarekin, “haurren artean ematen den begi barneko tumore gaizto ohikoena” baita (kasuen % 3), eta Nafarroan une honetan 8 bat ume daude diagnostikatuta.

 

Erretinoblastoma erretinaren ehunean sortzen den haur-minbizi bat, RB1 genearen (13. kromosoma) bi mutaziorekin lotzen dena, eta sintomarik ohikoenak dira leukokoria (begi-niniko isla gorririk eza edo distira zuria begiaren erdigunean), estrabismoa, glaukoma, iriseko heterokromia. Kimioterapia, begi-enukleazioa, brakiterapia, krioterapia eta termoterapiaren bidez artatzen da, eta behin tratamenduak eginda eta tumorea egonkortuta, errebisioak egin behar dira aldian-aldian. Azpimarratzen da epe luzera gaixo horien jarraipena egitea ezinbestekoa dela.

 

Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan izan dira Iñaki Iriarte, Raquel Garbayo, Isabel Olave, Elena Llorente, Javier García, José González (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío (PSN), María Solana, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (115. NPAO, 2020-10-23koa)