Landa Garapen eta Ingurumen Batzordea bisitan joan da INTIAk Cadreitan duen finka esperimentalera
Finkan barazki- eta fruitu-laboreen esperimentazio-probak eta nekazaritzaren sektoreari informazioa helarazteko ekitaldiak egiten dira
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeko kideak bisitan joan dira gaur INTIAk Cadreitan duen finka esperimentalera; finka hori, ureztalurreko 48,64 hektarea dituena, barazki- eta fruitu-laboreen esperimentazio-probetan espezializatuta dago.
Honako batzordekide hauek dira bisitan joan direnak: Félix Zapatero (UPN talde parlamentarioa), Maite Esporrín (PSN talde parlamentarioa), Xebe Txoperena (EH Bildu talde parlamentarioa), Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Daniel López (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).
INTIAko zuzendari kudeatzaile Natalia Bellostas, esperimentazio eta finketako kudeatzaile Damiana Maiz, finkaren arduradun Carlos Mazo eta finkaren enkargatu Sergio Calvillo izan dira Parlamentuaren ordezkariei harrera egin dietenak.
PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek eskatutako bileraren helburua zen "zuzen-zuzenean ezagutzea INTIAren instalazioak, bai eta egiten ari diren proiektuak nahiz datozen hilabeteetan garatuko dituztenak ere". Hartara, Batzordeabisitan joan zen atzo Atarrabiako instalazioetara, eta datozen hilabeteotan nekazaritza- eta abeltzaintza-esperimentazioko gainerako finkak ezagutuko ditu.
Finkaren arduradun Carlos Marzok azaldu duenez, Cadreitako finkan esperimentazio-probak egiten dituzte; adibidez, produkzio- eta errendimendu-kostuak aztertzeko edo baldintza klimatologikoei hobekien egokitzen zaizkien sistemak aztertzeko. Esperimentazio-probak hiru motatakoak izan daitezke: finkaren beraren ekimenez egindakoak, kontratupean egindakoak eta ikerketa-proiektuekin lotuta egindakoak.
Finkaren beraren ekimenez egindako esperimentazio-probak dira, hain zuzen ere, hazkuntza-, produkzio-, landare-babes eta ongarritze-teknikak testatze aldera bertako teknikariek proposatzen dituztenak. Kontratupean egindakoak dira, berriz, nekazaritza-sektoreko enpresek INTIAren zerbitzuak eskatzen dituztenean egiten direnak, merkatuan egon dauden produktuak edo laster merkatuan egonen direnak ebaluatzeko edo testatzeko.
Ikerketa-proiektuekin lotuta egindakoei dagokienez, Cadreitako finkak aukera ematen du kasuko proiektua garatzeko beharrezkoak diren probak egin daitezen bertan, tokian tokiko baldintzei egokituak; proiektu horien kasuan, INTIA lankidetzan aritzen da Europako, nazioko nahiz eskualdeko bazkideekin.
Esperimentazio-probez gain, finkan ekitaldiak egiten dira (prestakuntza-jardunaldiak, jardunaldi irekiak, bisitak eta abar), sektoreari ezagutza guztia transferitzeko: "informazio gaurkotua, objektiboa eta inpartziala, esperimentazioan zehar lortutako emaitza guztiak erakusten dituena".
INTIAk, beraz, "topagune-zentro" bihurtu nahi ditu esperimentazio-finkak, zeren eta teknikarien, nekazarien, kooperatiben eta nekazaritza-industrien arteko harremana sendotzen laguntzen baitute, "produkzioa merkatuaren eskari errealaren araberakoa izaten laguntzen duten neurrian".
Esperimentazio-finken jatorrian dago beharrezkoa dela zaintza teknologikoko, ikerkuntzako, esperimentazioko eta aholku emateko sistema bat edukitzea, etengabe gertatzen ari diren aldaketen buru egon ahal izateko labore-teknikei dagokienez eta labore-mota berriei dagokienez, ondoren nekazaritzaren sektoreari transmititu ahal izateko.
"Nekazariek, zein bere aldetik, ez dute ahalmenik, ez bitartekorik ez denborarik, esperimentatu ahal izateko eta aldaketa horiek guztiak baloratzeko. Horregatik da hain garrantzitsua INTIAk ematen duenaren moduko zerbitzu publiko bat egotea, informazio gaurkotua, objektiboa, inpartziala eta tokian tokiko baldintzei egokitua emanen duena".
Jardunaldia ixteko, negutegira, nekazaritza-biltegira, bulegoak hartzen dituen eraikinera, lantegira eta jardunaldiak eta ekitaldiak egiten diren aretora joan dira parlamentuaren ordezkariak.
Hurrengo bisita apirilaren 10ean izanen da, Ezprogiko udal-mugartean dagoen Sabaizako finka esperimentalera.