Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Maiatzak 28

Unai Hualdek harrera egin die Ana Clara Villanueva, Rafael Lara eta Eduardo Santos Nafarroako Kontseiluko kide berriei

Legebiltzarreko Osoko Bilkuran izendatuak izan ondoren, ekainaren 4an hartuko dute jabetza eta Foru Komunitateko organo aholku-emaile nagusian sartuko dira 8 urteko agintaldi bakarrerako.

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Uhaldek, bere bulego ofizialean harrera egin die gaur Ana Clara Villanueva, Rafael Lara eta Eduardo Santos izen aitortuko juristei, zeinak, maiatzaren 16ko Osoko Bilkuran izendatuak izan ondoren, Foru Komunitateko organo aholku-emaile nagusian sartuko baitira 8 urteko agintaldi bakarrerako. Ekainaren 4an hartuko dute jabetza.

 

Protokolozko bileran Unai Uhaldek Parlamentuaren lankidetza eskaini du Nafarroako kontseiluaren jarduna erratzeko asmoz eta zortea eta arrakasta opa die, kide berriek lege-esparrua ikuskapenean, aholkularitzan eta azterketan beteko duten lanean.

 

Nafarroako Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko organo aholku-emaile gorena da. Bere eginkizunen jardunean Espainiako Konstituzioa, Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa eta gainerako ordenamendu juridiko guztia betetzen dela begiratuko du. Bere irizpenetan abaguneari eta komenigarritasunari buruzko balorazioak egon daitezke, gaiaren izaerak horretara behartzen duenean edo kontsulta egin duen agintariak berariaz eskatzen duenean, edo Administrazioak bere helburuak betetzerakoan eraginkortasun handiagoa izateari begira. Halaber, Nafarroako Kontseiluak bere eginkizunak autonomia organiko eta funtzionalez beteko ditu, bere objektibotasuna eta independentzia bermatze aldera.

 

Nafarroako Kontseilua bost kidek osatzen dute, izen aitortua eta gutxienez ere hamabost urteko lanbide-esperientzia izan eta nafar izaera politikoa daukaten juristen artean Nafarroako Gobernuko lehendakariak izendatuak, horretarako proposamena Nafarroako Parlamentuak eginda, eta gehiengo osoz aukeratuak. Honako hauek proposatu ahalko dituzte hautagaiak: a) talde parlamentario batek edo batzuek; b) Nafarroako abokatu-elkargoek edo, kasua bada, Nafarroako Abokatu Elkargoen Kontseiluak; c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak.