Gure eraikina

  1. Non daude Parlamentuak?
  2. Non dago Nafarroako Parlamentua?
  3. Nafarroako Parlamentuko lehengo egoitzak
  4. Eraikina
  5. Lan egiteko lekuak Nafarroako Parlamentuan
Non daude Parlamentuak?

Munduko legebiltzar guztiak, ia beti, ordezkatzen duten lurraldeko hiriburuan daude, edo gutxienez hiri nabarmenetako batean. Beste hainbeste gertatzen da gobernuetako lehendakaritzekin: lan egiten duten lurraldeetako hiriburuetan egon ohi dira.
Espainiako Gorte Nagusiak (Kongresua eta Senatua) Madrilen daude. Estatu Batuetako Kongresua eta Senatua hiriburuan daude, Washingtonen. Ingalaterrako Legebiltzarra Londresen dago. Italiakoa Erroman. Frantziako Asanblea Nazionala Parisen, eta abar. Aipamen berezia merezi du Europar Batasunaren Legebiltzarrak, zeina Estrasburgon baitago, nahiz eta Bruselasen ere egoitza ere baduen. Europar Batasuna osatzeko prozesuan dago, eta beste herrialde batzuek Batasunean sartzea eskatu dute eta horixe espero dute.

subir

Non dago Nafarroako Parlamentua?

Nafarroako Parlamentua edo Gorteak Iruñean daude, Nafarroako Foru Komunitateko hiriburuan. Egoitza berekia eta iraunkorra du. Navas de Tolosa kalean dago, Sarasate pasealeku ezagunaren mutur batean. Sarasate pasealekuaren beste muturrean, berriz, Nafarroako Jauregia dago, Nafarroako Gobernuko lehendakaritzaren egoitza.

Nafarroako Parlamentuko lehengo egoitzak
Erdi Aroa eta Aro Modernoa

Nafarroako Parlamentuaren egoitza Iruñean dago. 1979an lehenengo hauteskunde demokratikoak egin zirenetik –lehenengo Parlamentu demokratikoa osatzeko balio izan zuten– ia inork ez du zalantzan jarri Nafarroako Parlamentuak Iruñean egon behar duela. Alabaina, ez da beti horrela izan.

Antzinako Nafarroako Gorteek ez zuten egoitza finkorik; izan ere, Nafarroako erregeordeak, erregearen izenean, haiek biltzeko deia egiten zuenean, bilkura non eginen zen adierazten zuen. Hala eta guztiz ere, XVI. mendetik XIX. mendera, Iruña izan zen Gorteak osatzen zituzten hiru estamentuetako kideak gehiagotan bildu ziren egoitza. Hain zuzen ere, honakoak ziren estamentu horiek: elizarena, nobleena eta “hiribildu onena”. Horrek esan nahi du Iruñeak nagusitasuneko tokia zuela Nafarroako gainerako hirien aldean; nagusitasun logikoa, honako arrazoiengatik: biztanle kopuru handiena zuen, apezpikuaren egoitza zen, Nafarroako komunikabideen ardatza zen eta garrantzi militar handia zuen (defentsarako harresiak eta
gotorlekua).

1513tik 1821era antzinako Nafarroako Gorteak honako hiri hauetan bildu izan ziren:

  • Iruñean, 50 aldiz.
  • Tafallan, 3 aldiz.
  • Zangozan, 3 aldiz.
  • Lizarran, 5 aldiz.
  • Tuteran, 8 aldiz.
  • Tuteran, 8 aldiz.
  • Tuteran, 8 aldiz.

Gainera, hiru deialditan gertatu zen Gorteak bi hiri desberdinetan bildu zirela. 1517an, Lizarran eta Iruñean. 1645ean, Erriberrin eta Iruñean. 1662an, Iruñean eta Lizarran.

Aipatu liburuan, honakoa gehitzen da: "Gorteak edozein hiri edo hiribildutan bil daitezke, non eta erregeak nahiz printzeak zin egiteko ez diren. Izan ere, horrelakoetan Iruñean bildu behar dira, eta ekitaldia eliza nagusian egin behar da. Gorteak erresumako hiriburuko tenplu nagusiaren beste areto batean bildu ohi ziren, biltzeko Iruña aukeratzen zutenean. Gorteen bilkura arratsaldeko hiruretan hasi ohi zen, nahiz eta hori ere batzuetan aldatzen zen..."

Gaur egun

1979tik aurrera, lehenengo Gorte demokratikoak osatu zirenean –estamentuen araberako Gorteen azken deialdia 1829koa zen– ez zegoen haiek ezarri ahal izateko egoitza historikorik. Parlamentuaren lehenengo behin-behineko egoitza Iruñean egon zen –Arrieta kalean–, gaur egun Nafarroako arartekoaren egoitza dagoen tokian. Osoko Bilkuren aretoa, berriz, Karlos III.a etorbidean zegoen. Azkenik, 2002an, Nafarroako Parlamentua gaur dagoen tokian ezarri zen, Navas de Tolosa kalean.

subir

Eraikina


Gaur egun Nafarroako Parlamentua hartzen duen eraikina XIX. mendearen bukaeran egin zen, Iruñeko udal arkitekto Julián Arteagak diseinatuta. Arkitektura eklektiko deitutakoaren adibide aipagarrienetako bat da: irizpide arrazionalak, forma simetrikoak eta itxura gotorra ditu.

Parlamentuak hartzen duen eraikina 1892tik 1897ra bitarte eraiki zen, adreilu gorriz eta hare-harriaz. Iruña hiriaren lehenengo zabalpen modernoaren, Lehen Zabalgunearen, atal bat zen. Jatorrian, Nafarroako Entzutegia –justizia emateko erakundea– hartzeko egin zen. Baina birmoldaketa sakona egin ondoren, 2002ko abenduan Nafarroako Parlamentuaren egoitza bilakatu zen.

Eraikinak 11.000 metro koadro baino gehiago ditu. Lau solairu eta garajea dauzka.. Nafarroako Parlamentuaren eraikinaren oinplanoak triangelu-forma dauka. Hiru solairuko eraikina da; horiez gain, teilatupeko ganbera eta –behealdean– sotoa dauzka. Garaje bat ere badauka. Eraikinaren erdigunea hutsik zegoen, eta patio zentral bat osatzen zuen, gaur egun Osoko Bilkuren aretoak eta atalondoak (argia pasatzen uzten duen kristalezko sabai batez estalita) betetzen dutena.

Jaitsi ezazu Nafarroako Parlamentuko eraikineko detaile guztiak biltzen dituen pdf-a.

Logikoa den bezala, solairu bakoitzak bere erabilera dauka:

Erdisotoko solairua. Solairu honetako gunerik garrantzitsuenak dira eraikinaren sarrera nagusia eta Osoko Bilkuren aretoa.
Sarrerak Navas de Tolosa kalera ematen du. Foruzaingoak zaintzen du.

Beheko solairua. Gunerik garrantzitsuenak dira liburutegia, Nafarroako Gobernuaren aretoa, zeinean bildu edo egon ahal baitira, Nafarroako Parlamentura etortzen direnean, Gobernuko kideak; erakunde-aretoa –bertan egiten dira ekitaldi ofizialak, harrera egiten zaie gonbidatuei, sari-banaketak egiten dira, erakunde-ekitaldiak antolatzen dira...–, eta erabilera anitzeko aretoa, prentsa-areto ere deitu ohi zaiona, zeina erabiltzen baita hedabideekin prentsaurrekoak egiteko, hitzaldiak antolatzeko eta abar.

Lehen solairua. Solairu honetako gela nagusiak dira Nafarroako Parlamentuko lehendakariaren bulegoa, Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren aretoa eta zerbitzu juridikoen bulegoak.

Bigarren solairua. Bigarren solairuan daude parlamentu-taldeen eskueran Nafarroako Parlamentuak jartzen dituen zenbait areto. Horiez gain, bi batzorde-areto daude.

subir

Lan egiteko lekuak Nafarroako Parlamentuan

Parlamentariek, nagusiki, hiru lekutan egiten dute lan Nafarroako Parlamentuan: beren parlamentu-taldearen bulegoa, batzorde-aretoak eta Osoko Bilkuren aretoa.

Xehetasun txikiekin nahiz izen desberdinekin, munduko legebiltzar guztiek parlamentariek lan egiteko hiru toki horiek izaten dituzte.

Osoko Bilkuren aretoa

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkuren aretoaren oinplanoa biribildua da, eta horrek ahalbidetzen du parlamentariek elkar ikusi ahal izatea afera ezberdinei buruz mintzatzen direnean. Beheko lerroan, eserleku gorriek osaturikoan, Nafarroako Gobernuko kideak esertzen dira. Gobernuko kideek Nafarroako Parlamentuaren bilkuretan bozkatu ahal dute parlamentari ere baldin badira. Osoko Bilkuren aretoko burutzaren aurrean kokatuta dago mintzatokia. Nafarroako Parlamentuko lehendakaria da Osoko Bilkuren aretoko Mahaiaren buru. Mintzatokia da unean-unean hizpidea duen parlamentariak bere hitzaldia egiteko tokia.

Osoko Bilkuran, modu desberdinetara egin daitezke eztabaidagai diren auziak ebazteko bozketak. Horrenbestez, bozketa izendunak egon daitezke: haietan, parlamentari bakoitzak bere botoa boto-ontzi batean uzten du, lehendakariak izendatzen edo deitzen duenean. Sistema hori ospe bereziko ekitaldietan erabiltzen da. Sistema ohikoena izaten da parlamentari bakoitzak, botoi bat sakatuz, baiezkoa, ezezkoa edo abstentzioa aukeratzea bere eserlekutik bertatik. Gero, arin-arin, pantaila elektroniko batean bozketaren emaitza agertzen da.

Batzorde-aretoa

Nafarroako Parlamentuan 15 bat batzorde ezberdin daude, haietako bakoitza gai zehatz batean espezializatua: hezkuntza; osasuna; ekonomia eta ogasuna; etxebizitza; berrikuntza, enpresa eta enplegua, eta abar. Batzorde horietan, parlamentariek aztertu egiten dituzte beren espezializazio-esparrukoak diren lege-proiektu edo –proposamenak. Orobat, Gobernuko kideen agerraldia eskatzen dute, gobernukideen lanari buruz informatzeko eta lan horren kritika edo harekiko babesa eta abar adierazteko.

Lehendakariaren bulegoa

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Parlamentua eta, beraz, Nafarroako Foru Komunitateko ordezkari politiko guztiak, ordezkatzen ditu. Parlamentuaren lehendakari gisa jardun eta Parlamentuaren zereginari bultzada emate aldera legeek ezartzen dizkioten eginkizunez gain, Nafarroako parlamentu-talde ezberdinen artean bitartekotza-lana egin behar du.