Ekialdeko Pirinioei buruzko ponentziak egindako txostenaren jarraipenerako Batzorde Berezia eratu da
Mikel Zabaletaren (EH Bildu) lehendakaritzapean, azken bi legegintzaldietako lanari jarraipena emateko helburua du, besteak beste, Despopulazioari buruzko foru lege bat eginez
Nafarroako Parlamentuak gaur Ekialdeko Pirinioei buruzko ponentzia parlamentarioak egindako txostena nahiz Parlamentuaren 2018ko azaroaren 8ko Osoko Bilkurak onetsitako erabakia betetzeari buruzko jarraipena eta kontrola egiteko Batzorde Berezia eratu du. Mikel Zabaleta (EH Bildu) izango da lehendakaria, Daniel López (Contigo-Zurekin) lehendakariordea eta Pablo Azcona (Geroa Bai) idazkaria.
UPN, PSN, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin taldeek aurkeztutako eta Osoko Bilkurak aho batez babestutako ekimenak Ekialdeko Pirinioetako haranen egoera sozioekonomikoa aztertzeko Ponentziaren txostenean du oinarria. Txosten horretan, besteak beste, biztanleria galtzen ari diren lurraldeei buruzko foru legea egitea proposatzen zen, X. legegintzaldia (2019-23) hasi eta sei hilabeteko epean.
Era berean, 2018ko osoko bilkura hartan onetsitako erabakiaren 5. puntuan jasotakoa oroitarazten da, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen baitu “ponentziaren irizpeneko gomendioak, bere legegintza-eginkizunari dagozkionean eta hartan eragina duten neurrian, kontuan hartu eta praktikan jartzeko, eta legeak egiterakoan kontuan hartzeko, orobat, Ekialdeko Pirinioen berariazko errealitatea”.
Erregelamenduaren 50. artikuluak ezartzen duenez, Batzorde bereziak dira, erregelamenduan ezarritakoez gain, “Osoko Bilkurak izaera horrekin sortzen dituenak”. “Lan zehatz baterako” sor daitezke, bai eta “erakunde edo entitate publiko jakin batzuekin harremanak izateko eginkizunarekin ere”.
Eraketa saioaren buru Parlamentuko lehendakari Unai Hualde izan da, eta idazkari lanetan Mahaiko lehen idazkari Yolanda Ibañez aritu da.
Batzordeko parlamentariek Mahai bat hautatu dute beren kideen artean (eskua jasota eta boto haztatuaren bitartez), lehendakari batek, lehendakariorde batek eta idazkari batek osatuta.
Ekialdeko Pirinioei buruzko batzorde bereziko lehendakari Mikel Zabaleta (EH Bildu, 27 boto) izanen da, eta Daniel López (Contigo-Zurekin, 3 boto) lehendakariordea. Idazkariaren kasuan, ez denez hautagaitzarik aurkeztu, adinez gazteena den pertsona izan da aldarrikatua, kasu honetan Pablo Azcona (Geroa Bai). 20 boto zuri erregistratu dira, UPNren, PPNren eta Voxen jarrerari dagozkionak.
Parlamentu talde eta elkarteek izendatutako gainerako ordezkariak dira Marta Álvarez (UPN), Ainhoa Unzu (PSN), Irene Royo (PPN) eta Emilio Jiménez (Vox).
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (19. NPAO, 2023-10-17koa)