Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Abenduak 1

Emakumezkoen kirola hobetu eta bistaratzeko lan egiten duten pertsona, entitate eta taldeek jaso dute Nafarroako Parlamentuaren Domina

Unai Hualdek “ezberdintasunak eta jarrera matxistek historikoki oztopatutako arlo bat aitortzearen inguruan Parlamentuaren adostasuna azpimarratu du"

Nafarroako kirolaren arloan egiten duten lanaren bidez emakumezkoen kirola gure Komunitatean hobetzen eta bistaratzen lagundu duten pertsona, entitate eta taldeek Nafarroako Parlamentuaren Domina jaso dute gaur goizean osoko bilkuren aretoan. Ganberaren aho bateko babesa jaso du erabakiak, eta ekitaldia emakumeen oinarrizko kirolari, lehiaketako kirolari nabarmenenei eta esparru horren sustapenean parte hartu duten eragile guztiei omenaldia egiteko baliatu dute.

 

Foru legebiltzarrak ematen duen sari gorena da, eta aitortza horrekin, berariaz onetsi den adierazpen instituzionalean azaltzen denez, emakumeen kirola sustatzen diharduten pertsona eta erakunde guztien ibilbidea saritu nahi da. Izan ere, alor hori "errealitate sozialaren ispilu" da, eta oraindik "bide luzea dago egiteko berdintasunaren alde”.

 

Ekitaldia 2023ko Nafarroaren Egunaren inguruan prestatutako jarduera programaren barnean antolatu da, eta han izan dira, besteak beste, María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Ignacio Cabeza Kontuen Ganberako lehendakaria, Uxue Barkos senatari autonomikoa, Adriana Maldonado eta Bel Pozueta diputatuak, Javier Remírez, Toni Magdaleno, Nuria Medina eta María Caballero senatariak, Martín Velasco Gobernuaren ordezkaria, Parlamentuko Mahaiko kideak eta UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN, Contigo-Zurekin eta Voxeko parlamentariak.

 

Unai Hualdek kluben, federazioen, tokiko erakundeen, erakunde publikoen (NKI), babesleen, teknikarien eta kirolarien lanari balioa emanez hasi du bere hitzaldia. Izan ere, beren ahaleginarekin, testuinguru zail, maskulino eta desorekatu batean "oztopoak apurtzen" lagundu dute.

 

"Gaur aitortzen dizuegun aintzatespenaren balioa handiagoa da erabakiaren aho batezkotasuna kontuan hartzen badugu, ez baita beti erraza lortzen. Kirola egitea osasunaren, talde-lanaren, hobetzeko izpirituaren eta sakrifizioaren sinonimoa da. Emakumezkoen kirolaren aurrerapena ebidentzia bat bada ere, ez duzue erraza izan. Kirol gehiago egitea eta emakumeak zeregin teknikoetan edo kudeaketa-lanetan sartzea errealitate diren arren, feminismoak, baita kirolean ere, lortutako aurrerapenak sendotzeko beharra azpimarratzeak beharrezkoa izaten jarraitzen du”.

 

Unai Hualdek pandemiak markatutako legealdiaren nondik norakoak errepasatzen hasi du bere hitzaldia, eta, alde positiboan, osasungintzakoak edo nekazaritza eta abeltzaintzakoak bezalako sektore batzuen jardunaren berri eman du, “ezinbestekoak” izan direnak zailtasun bereziko testuinguru batean, baita maila geopolitikoan ere.

 

“Gure aitortza instituzionala merezi duzue gaur, nahiz eta arazo koiunturalak eta egiturazko erronkak izan, ezinbestekoa den lanaren aldeko apustua egiten jarraitzen duzuelako. Gure nekazaritzari eta abeltzaintzari ondo baldin badoakio, gure ekonomiari ere bai, eta hortik dator Landa Garapeneko Departamentuak erronka horiei elkarrizketaren bidez heltzeko egin duen ahalegina. Likidezia emateko eta afekzioen inpaktua murrizteko laguntzak kudeatu dira, lurraldea egiten duen, despopulazioa geldiarazten duen eta hazkunde jasangarria bultzatzen duen sektorea babesteko”.

 

Horri dagokionez, eta duela gutxi emakumeen aurkako edozein indarkeria-mota desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatu dela gogoratuz, presidenteak ohartarazi du kirolean ere ematen direla horrelako adibideak eta, horregatik, "jarrera matxistak eta diskurtso ukatzaileak ez normalizatzeko" deia egin du. “Gizonok ezin dugu errealitate hori existituko ez balitz bezala jarraitu. Emakumeen kirolak berrikuspen bat merezi du, Nafarroako 44 kirol federazioetako bik bakarrik (Taekwondo eta errugbia) dituzte emakumeak buru. Lehen esan dudan bezala, errealitate sozialaren isla da, bizi dugun desberdinkeriaren isla", berretsi du.

 

Unai Hualdek, amaitzeko, zorionak eman dizkie Maria Angeles Urmeneta Nafarroako Taekwondo Federazioko presidenteari eta Daniel Martínez Nafarroako Udal Kirolaren Elkarte Teknikoko (ATEDENA) presidenteari, kirolaren bidez gizarte osasungarriagoa eta bidezkoagoa egiten laguntzen duten guztien ordezkari gisa. "Argi dago berdintasunaren aldeko borroka, kaleetan ikusten ari garena, atzera bueltarik ez duen bidea dela. Eskerrik asko ".

 

Jarraian, Yolanda Ibáñez, Parlamentuko Mahaiko lehen idazkariak eta Mikel Zabaleta, Mahaiko bigarren idazkariak pasa den azaroaren 22an Eledunen Batzarrak aho batez onetsitako adierazpen instituzionala irakurri dute, zeinaren bidez Legebiltzarrak emakumezkoen kirola hobetu eta bistaratzeko lan egiten duten pertsona, entitate eta taldeen lana omentzen duen, eta era berean, Mahaiak aho batez Nafarroako Parlamentuaren Domina ematea erabakitzen duen dokumentua ere irakurri dute.

 

Ondoren, Unai Hualdek domina eta erabakiaren eta adierazpen instituzionalaren testuak eman dizkie Nafarroako emakumezkoen kirolaren ordezkari María Ángeles Urmeneta eta Daniel Martínezi.

 

Urmeneta eta Martínezek saria eskertu dute eta kirolean erabakitzeko eta kudeatzeko arloak "genero estereotipoak eta irizpideak ezabatu" dituen gizarte baten parametro logikoetara egokitzearen alde egin dute. Aitzindarien lana ere goraipatu dute, "duela hamarkada batzuk harresiak hautsi zituzten emakume ausarten” lana, eta kirolaren "zeharkakotasunean" oinarritutako legeak eskatu dituzte. Hori guztia ingurune "bidezkoagoa eta oparoagoa" lortzeko.

 

"Ohore handia da Legebiltzarraren domina hau jasotzea. Berdintasunean oinarritutako kirolaren alde erabaki-esparruetatik lan egin duten emakume guztien izenean hitz egiteak beldur apur bat ematen dit. Horrelakorik ez litzateke posible izango aitzindarien adibiderik gabe, duela hamarkada batzuk harresiak hautsi zituzten emakume ausart horiek gabe. Bide onetik goaz. Arrakala egunez egun estutzen doa. Praktikanteen mailan parekatzen ari gara. Kirolariak beren lana egiten ari dira, beste alderdi batzuetan aurrera egitea falta da, hala nola zuzendaritza-organoetan emakumeak presentzia handiagoa izatea. Helburua argia da, kirolaren abizena ez dadila ez femeninoa ezta maskulinoa izan", adierazi du Urmenetak, Taekwondoko Federazioko presidenteak.

 

Daniel Martínezek, udal kirol kudeaketaren sektore profesionalaren izenean, toki entitateen barruan egiten duten ekintza politiko eta instituzionala azpimarratu du, non "genero ikuspegia modu naturalean agertzen den. NAKITEL emakumeen % 70ek osatzen dute, eta kargu teknikoak eta zuzendaritza-karguak dituzte. Kirola, aisialdikoa edo lehiakorra izan, izaera plurala eta dinamikoa duen gizarte-ingurunea da. Legebiltzarrari eskatzen diogu kirolaren zeharkakotasuna aprobetxa dezala gizarte oparoago bat lortzen lagunduko duten legeak bultzatzeko. Alda dezagun telebistako kirolaren eta Joko Olinpikoen irudi estereotipatu hori eta bihur dezagun herritarren % 100entzat errealagoa eta aprobetxagarriagoa den zerbaitetan. Eskerrik asko", amaitu du Nafarroako Udal Kirolaren Elkarte Teknikoko presidenteak.

 

Nafarroako Gobernuko Tronpeten eta Tinbalen Bandak ekitaldia musikaz lagundu du, eta Nafarroako Ereserkia (hasieran) eta sonatina (amaieran) interpretatu ditu. "Spem in alium" abesbatzak ere parte hartu du, Féliz Mengelssohnen pieza bat interpretatuz.

 

Hona hemen Nafarroako Parlamentuaren urrezko domina jaso dutenen zerrenda:

 

Espainiako errege Joan Karlos I.a (1988); Víctor Manuel Arbeloa, Foru Parlamentuko lehendakaria (1989); Balbino Bados, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria I. legegintzaldian (1989); Javier Gómara, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria II. legegintzaldian (1991); Javier Otano, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria III. legegintzaldian (1995); María Dolores Eguren, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria IV. legegintzaldian (1999); José Luis Castejón, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria V. legegintzaldian (2003); Rafael Gurrea, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria VI. legegintzaldian (2008); Euskaltzaindia (2019); C.A. Osasuna (2020); Gizarte Erakundeen Plataforma (2021); Nafarroako jarduera ekonomikoaren lehen sektorea (2022).