Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Apirilak 23

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordea bisitan joan da INTIAk Sartagudan duen finka esperimentalera

Erreferentziazko zentroetako bat da barazki eta fruta-arbolendako teknika eta konponbide berritzaileei dagokienez, ekoizpen ekologikoko ereduaren barruan

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordea bisitan joan da gaur goizean INTIAk Sartagudan duen finkara, zeina 2018tik osorik inskribaturik baitago Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluan (NNPEK), helburu nagusitzat hartuta laborantza-eredu horren ezagutza bultzatzea.

 

Batzordeko kide hauek izan dira bertan: Félix Zapatero (UPN talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Xebe Txoperena (EH Bildu talde parlamentarioa), Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote esperimentazio eta finketako kudeatzaile Damiana Maizek, nekazaritza-esperimentazioko koordinatzaile Jesús Goñik eta finkaren arduradun Salomón Sadabak.

 

PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek eskatutako bisitaren helburua zen “zuzen-zuzenean ezagutzea INTIAren instalazioak, bai eta egiten ari diren proiektuak nahiz datozen hilabeteetan garatuko dituztenak ere”. Hartara, azken hilabeteotan, Batzordeak Atarrabiako instalazioak eta Cadreita eta Sabaitzako finkak bisitatu ditu, eta hurrengo hilabeteetan nekazaritza- eta abeltzaintza-esperimentazioko gainerako finkak ezagutuko ditu.

 

Parlamentuaren ordezkariek Salomón Sadabaren eskutik ezagutu dute Sartagudako finka. Guneak 20 hektarea inguruko azalera du, sei pertsona ari dira lanean bertan, eta iaz fruta-arboletan egindako berrogeita hamar entsegu, baratzeko produktuak kanpoan eta berotegian eta laborantza estentsiboak hartu zituen, guztiak ekoizpen ekologikoari jarraiki.

 

Azaldu duenez, Nafarroan eredu ekologikoan lan egiten duen nekazaritza-azalera zabaltzeko beharrak ekarri zuen finka hori ekologikora birmoldatzea, eta aintzat hartuta industriaren eskaria gero eta handiagoa dela eta lehen sektoreak aholkularitza eta esperimentazioa behar dituela. Sei urte bete dira birmoldatu zenetik, eta denbora horretan Nafarroako ekoizpen ekologikoarendako berrikuntzarako erreferentzia-zentro bihurtu da jada, hala aire zabaleko laboreei, baratze-laboreei eta fruta-arbolei nola berotegikoei dagokienez.

 

Denbora horretan, jada ekologikoan egiten ari zen esperimentazioa indartu da, eta helburu bikoitza duten proiektu berritzaileei ekin zaie: nekazaritza-lurren kalitatea hobetzea eta biodibertsitatea sustatzea, nekazaritza jasangarriagoa eta klima-aldaketara hobeto egokitua bultzatze aldera.

 

Finkaren arduradun Salomón Sadabak, nekazaritza-finken koordinatzaile Jesús Goñik eta INTIAko esperimentazioko arduradun Damiana Maizek gaur egun zentro horretan egiten ari diren entseguak aurkeztu dituzte. Erakutsitako esperientzien artean, banda loredunena dago. Loredun landare-espezie batzuk dira, eta, lurzatien dibertsitatea handitzean, parasito eta harrapari desberdinak erakartzen dituzte. Horiek eragina dute izurrite posibleekin, eta horien kontrol biologikoa ahalbidetzen dute.

 

Beste entsegu berritzaile bat landare lur-estaltzeena da: zerbitzuko laboreen bidez eta lur-lantzerik gabe geruza bat sortzen da, eta horrek lurzorua babestu, tenperatura nahiz hezetasuna doitu eta espezie arrotzak agertzea ekiditen du. Finkak, halaber, sail jakin batzuetako ureztatze-eraginkortasunarekin lotutako beste entsegu batzuk ditu. Hots, sentsoreak erabiltzea lurzati baten benetako ur-premia doitzeko eta kalkulatzeko, haren produkzioari eragin gabe.

 

Gainera, finka horretan labore beraren hainbat barietate aztertzen dira, eremu agroklimatiko jakin baten baldintzetara egokitzeko gaitasuna egiaztatzeko; baratze-azalera baten gaineko landaketa-dentsitate desberdinak probatzen dira lursail baten errendimendua optimizatzeko, edo, era berean, labore jakin baten zikloak aztertzen dira tokian bertan, sektorerako jasangarria, produktiboa eta lehiakorra izanen dela bermatzeko.

 

Gogoratu behar da ekoizpen ekologikoak xede duela lurzoruaren osasuna mantentzea eta hobetzea, biodibertsitatea sustatzea, natura-baliabideak kontserbatzea eta gertuko ekosisteman dituen eragin negatiboak minimora murriztea. Horretarako, zenbait teknika baliatzen dira, besteak beste, labore-txandaketak, ongarri organikoen erabilera, izurrite eta eritasunen kontrol biologikoa eta ingurumen-oreka eta epe luzerako jasangarritasuna lortzen laguntzen duten habitat naturalen sorrera.

 

Nekazaritza arruntean ere aplikatzen dira teknika horiek, eta horrela ahalbidetzen dute fitosanitario eta ongarri mineral gutxiago erabiltzea.

 

INTIA sozietate publikoaren eginkizun nagusien artean daude ezagutzak lortzea eta nekazaritzako elikagaien berrikuntza sustatzea esperimentazioaren bidez, xede hartuta sustatzea nekazaritza-sektorearen garapena eta nekazaritza-sektorerako transferentzia teknologikoa. Ezagutza sortzen duen esperimentazio horren zati handi bat finka propioetan egiten da, hala nola Sartagudakoan, non aire zabaleko eta berotegiko laboreak baitaude, batez ere baratzekoak eta fruta-arbolak.

 

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordea maiatzaren 22an bisitan joanen da Ilundaingo finka esperimentalera, Nafarroako freskorako lehorreko lurrean egiten den lana ezagutzeko.