Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Otsailak 14

Unai Hualdek X. Legegintzaldiko (2019-2023) arau bilduma aurkeztu du

Lehendakariak nabarmendu du salbuespenezko egoeretan Ganberaren jarduera eta antolaketa-gaitasuna handitu egin direla eskaera ekonomiko eta sozialei erantzuteko

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak X. Legegintzaldiko (2019-2023) Arau Bilduma aurkeztu du gaur. Pandemiaren ondorioz Ganberaren ohiko funtzionamendua eten izanak eta Covid-etik eta Ukrainako gerratik eratorritako ondorio ekonomiko eta sozialak lehengoratzeko araugintza-jarduera biziak markatutako aldia izan da.

 

Hala adierazi du Unai Hualdek, legegintzaldi “ezohikoa” izan dela esanez. Hala ere, "elkarrizketarako eta akordiorako" joera nabarmendu du, bai Ganberaren barne-antolaketari dagokionez, egitura berria ezarri baitu eta administrazio elektronikoaren ezarpena gauzatzear baitago, bai legegintzari, eta bultzada eta kontrol politikoari dagokienez.

 

9.286 ekimen izapidetu dira, "IX. Legegintzaldian baino 1.000 gehiago eta VIII. Legegintzaldian baino 3.000 gehiago", eta honako hauek nabarmentzen dira: 107 Foru-Lege onartu dira, "aurreko aldian baino bat gehiago", eta gizarte-sarearekin lankidetzan egindako gertakari nabarmenen artean dago 2021-2030 aldirako Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunaren sinadura.

 

Halaber, 14 Foru-Lege dekretuk, 21 Foru-dekretuk, Kongresuan lege-proposamen batek eta Ganberaren Erregelamenduaren erreforma integralak osatu duten legegintza jardueraz gain, Lehendakariak "hizkuntza, gizarte eta antolaketa-mailan" egindako aurrerapenak nabarmendu ditu. Era berean, unibertsitateekin lankidetza areagotu dela adierazi du, UNEDekin sinatu berri den hitzarmen baten bidez eta NUPekin sinatutako beste bi berriren bidez; bata, desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko Foru Legearen aholkularitzakoa, eta, bestea, Pobreziaren aurkako Nafarroako Itunaren ezarpena kontrolatzeko tresna bat diseinatzekoa.

 

Gauzak horrela, eta haurren eta nerabeen arretari eta babesari buruzko legearen edo klima-aldaketari eta trantsizio ekologikoari buruzkoaren "garrantzia berezia" aipatu ondoren, Lehendakariak azpimarratu du erakundeak ahalegin handia egin duela Nafarroako foruaren historia herritarrei hurbiltzeko, baita Parlamentuaren domina berreskuratzeko ere. Domina hori Euskaltzaindiak (2019), Osasunak (2020), Gizarte Erakundeen Plataformak (2021), Lehen Sektoreak (2022) eta Emakumeen Kirolak (2023) jaso dute.

 

Lehendakariak, halaber, Nafarroako Parlamentuaren X. Legegintzaldiko laugarren urteko jardueren oroitidazkiaren berri eman du (2022/26-5-2023). Amaitzeko, eskerrak eman ditu Parlamentuaren menpeko bi erakundeekin, Arartekoarekin eta Kontuen Ganberarekin, izandako lankidetza "leial eta sakonagatik", eta berretsi du egungo Ganberak konpromisoa duela legegilearen lana modernizatzen eta gizartera hurbiltzen jarraitzeko. "Espero dezagun urte batzuk barru esango dugula hamaikagarren legegintzaldia itxi dugun azken hau baino hobea eta emankorragoa izan zela".