Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Maiatzak 22

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordea bisitan joan da INTIAk Ilundainen duen finka esperimentalera

Lehorreko lurretan epe luzerako laborantza estentsiboko entseguak egiten dira, eta horrek emaitza zientifiko sendoagoak lortzeko modua ematen du

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeak gaur goizean bisita egin du INTIAk Ilundainen duen finka esperimentalera, zeina epe luzerako laborantza estentsiboan espezializatuta baitago.

 

Bertaratutako batzordekideak Félix Zapatero (UPN t.p.), Carlos Mena, Maite Esporrín (PSN t.p.), Xebe Txoperena (EH Bildu t.p.), Blanca Regúlez (Geroa Bai t.p.) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin t.p.) izan dira.

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote Damiana Maiz esperimentazio- eta finka-kudeatzaileak, Jesús Goñi nekazaritza-esperimentazioko koordinatzaileak eta Juan Antonio Lezáun finkaren arduradunak.

 

PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek eskatutako bisitaren helburua zen “zuzen-zuzenean ezagutzea INTIAren instalazioak, bai eta Nafarroako nekazaritza-elikagaien alorrean egiten ari den lana eta proiektuak”. Horretarako, Batzordeak bisita egin du azken hilabeteotan Atarrabiako instalazioetara eta Cadreita, Sabaitza eta Sartagudako finketara.

 

Parlamentuaren ordezkaritzak Juan Antonio Lezáunen eskutik ezagutu du finka hau, "INTIAren eskuetan daudenetatik historikoenetako bat", zeinak gaur egun 80 hektarea labore baitauzka, gehienbat udazken-zerealekoak. Gari- eta garagar-lursailak dira nagusi, zeinek finkaren bi heren hartzen baitituzte ia-ia. Gainerakoa labore alternatiboei eskainita dago, hala nola koltza, lursail bat olo, bazkatarako zalke eta oloa eta lugorri utzitako azalera txiki bat.

 

Arangurengo dermioan kokatuta dagoen finka honetan aurrera eramandako entseguen balio nagusia epe luzerako esperimentazioan datza, zeinak ahalbidetzen baitu konklusio fidagarrietara iristea potasio, fosforo edo nitrogenozko ongarriak aplikatzeko une egokienei eta horien dosi eta kopuruei buruz. Ildo horretan, alde batetik produkzio-bilakaera neurtzen da, eta bestetik, zoruaren mailek denboran zehar izandako bilakaera. Horrek modua ematen du emaitza errealetan oinarrituriko egiaztapen enpirikora iristeko.

 

Jesús Goñik esplikatu duenez, finka honetan egiten diren lurzoru-analisiek eta esperimentazioen konklusioek INTIAri modua ematen diote nekazaritzaren sektoreari gomendio zoliak egiteko. Izan ere, erregistroetan ageri denez, badaude duela 38 urte ezartzen hasi ziren esperientziak, behinola ITG Agrícola izenez ezagutzen zenaren eskutik ekin zitzaienak. Berezitasun hori dela-eta, Nafarroako finka hau bakarra da Estatu osoan.

 

Finkak interesekoak diren beste entsegu batzuk ere hartzen ditu, hala nola lur-lantzea, zeinak alderaketa-lana egiten baitu metodo tradizionalen eta zuzeneko ereintzazko eta lur-lantze minimoko tekniken artean. Esperientzia horien bidez, lurzoruaren elikagai-edukiaren bilakaera neur daiteke, eta nekazaritza-jokabide desberdinen inpaktua ebaluatu ahal da.

 

Finkan beste entsegu txikiago batzuk ere egiten ari dira, hala nola belar txarrekiko jokabide egokiei buruzko esperimentu bat, zeinean tankera horretako belarrak ereiten baitira, datuak jasotze eta horrela eredu bat tankeratu ahal izate aldera, herbizidak kokatzea errazten duena eta belar horiei eraso egiteko unerik aproposena zein den jakitekoa.

 

Gaurko ekitaldiak amaiera ematen dio Parlamentuko batzorde honek egin duen bisita-txandari, ikustaldiak egin baititu sozietate publiko horren bost egoitza eta finkatan, xede harturik Nafarroako nekazaritza-elikagaien alorrean horrek egiten dituen lan eta ikerproiektuak ezagutzea.